Ezkio-Itsaso 1965. urtean sortu zen Ezkio eta Itsaso bateratzearen ondorioz. Gipuzkoako bihotzean kokaturiko herri txiki honek 560 biztanle ditu bost auzotan banatuta. Zumarraga eta Beasain artean dago, GI-632 errepidearen alboan.
Historikoki baserriz osaturiko herria izan da, eta beraz, lehen sektorean oinarritu da Ezkio-Itsasoren ekonomia-eremua. 70eko hamarkada amaieran, inguruko herrietan kokaturik zeuden enpresa handien eraginez, enpresa askok Ezkio-Itsaso aldera hurbiltzea erabaki zuten. Honen ondorioz, gure herria aldaketa sakon batean murgildu zen, eta amaieran, baserri-munduaren eta industria-alorraren arteko konbinazio bitxiaren eredu bihurtu zaigu Ezkio-Itsaso.
Gure herriak geografikoki duen kokalekua eta lurraldea kontuan hartuz, aukera ezin hobeak eskaintzen ditu etorkizunerako, bai herriarentzat eta bai eskualde guztiarentzat ere.
Web horri honetan Ezkio-Itsasoren iraganaren hainbat ezaugarri ditugu ikusgai baina, bereziki, etorkizunari begira gure herriak dituen aukera aparten berri eman nahi dizuegu.