Astelehen iluntzea da. Inor
ez da afaltzen ari Ezkio
Itsasoko elkartean, baina
argi guztiak piztuta daude barrualdean
eta jende hots handia entzuten
da. Jende hotsa bakarrik ez,
baita zenbaitetan hainbat ahots
ezti ere, piano baten laguntzaz
abesten. Ezkio Itsasoko abesbatzaren
entsegu eguna da. Hamazazpi
lagunek osatzen dute guztira
Ezkio Itsasoko abesbatza eta ia
guztiak daude elkartean. Aulkietan
eserita, zirkulu bat osatuz, partiturak
eta abestien letrak dituzten
paperak eskuetan hartuta. Xabier
Barriolak isten du borobila, herriko
organu-jole berriak, bere organu
elektroniko txikia jarrita duen
mahaia aurrean duela.
Abesbatzako partaideak ez dira
musikan adituak eta ez dira aritu
gaztetatik euren ahotsa ezagutzen
eta zaintzen abeslari profesionalen
moduan. Baina abestea gustuko
dute eta euren ahotsen eztitasuna
aurkitzen eta ateratzen ikasi
dute. Orain hogeita bi urte elkartu
ziren garai hartan herriko organu
jole zen Juanito Idiakezen ekimenez,
1988an, eta ordutik ez dira isildu.
«Orduan elizako abesbatza bezala
hasi ginela esan daiteke, eta
orain arte horrelaxe jarraitu
dugu», azaldu du Maixabel Arakistainek,
hasieratik abesbatzan
parte hartzen aritu den herritarrak.
Herriko elizetan abestu dute
orain arte abesbatzako kideek.
Mezetan, hiletetan, bataioetan,
jaunartzeetan... Ondorioz, eliz
kantuak ziren neurri handi batean
abesten zituztenak.
Urte hasieran, baina, Errege
egunean, aurreikusitako aldaketa
gauzatu zen. 86 urterekin Juanito
Idiakezek elizako organua jotzeari
utzi zion, lan horretan hamarka
urtetan aritu ostean, eta Xabier Barriola
zumarragarrak hartu zion
erreleboa, aurretik ia urtebete
abesbatzaren zuzendari ordetzan
eman ondoren.
«Mundiala da»
Urte askotako esperientzia du Barriolak
abesbatzak zuzentzen. Tolosako
Kea, Donostiako Conductus
Ensemble, Iruñeako Kamera
abesbatza edota Peñaflorida abesbatzak
zuzendu ditu, eta orain ere
horretan jarraitzen du. Prestigiodun
talde handiak dira horiek ordea,
Ezkio Itsasoko abesbatzaren
aldean. «Egia da, baina ez naiz inora
joaten Ezkio Itsasora etortzen
naizen bezain gustura», aitortu du
Barriolak. Gustuko du oso Ezkio
Itsasoko abesbatza zuzentzea eta
nabari zaio. Abesbatza txikia denez,
hiru ahotsetara soilik abestu
dezakete, eta hainbat abesti moldatu
egiten ditu horretarako.
«Tranpa egiten dut baina...» dio,
irribarre txiki bat ateraz. Kantu erlijiosoak
bakarrik ez, euskal kantuak
ere lantzen hasi dira orain.
«Xabier mundiala da», diote aho
batez abesbatzako kideek zuzendari
berriaren inguruan galdetuta,
irribarrea ahotik ezkutatu ezinik.
Hitz ederrak besterik ez dituzte beretzat.Faltan botatzen dute
Idiakez, hamaika urte eman baitituzte
Ezkio Itsasoko abesbatzako
kideek bere gidaritzapean abesten.
Baina Barriola besoak parez
pare zabalduta jaso dute eta pozez
zoratzen daude orain.
Barriola iristearekin batera erronka
berri bati heldu dio abesbatzak:
elizatik plazarako saltoa eman
nahi dute. «Elizan bakarrik ez, herriko
beste hainbat ekimenetan
ere parte hartu nahiko genuke aurrerantzean
», aitortu dute Barriolak
eta Arakistainek. Kultur Astearen baitan edota beste edozein
egun berezitan herrian abesteko
iniziatiba hartu dute. «Herriarentzat
abesten jarraitu nahi dugu,
beti ere», diote. Euren errepertorioa
handitzen ari dira hori egin
ahal izateko eta prest daude edozein
egunetan elizatik kanpora
emanaldiak eskaintzen hasteko.
Horretarako, baina, deialdi ireki
bat ere egin dute: «Abesbatzako
kide gehienak erretiratuta gaude
jadanik, denok helduak gara. Gazteak
nahi eta behar ditugu gure artean,
abesbatzak etorkizunean ere
bizirik jarraitu dezan, beste urte
askoan». Hala, Ezkio Itsasoko nahiz inguruko herritar guztiei dei
egin die abesbatzak. «Gazte nahiz
heldu, gure artean edonor hartzeko
prest gaude», adierazi dute kideek.
«Guregana etorri besterik ez
dute egin behar interesa dutenek.
Entseguak 20:00etan izaten dira,
Ezkio Itsasoko elkartean».