Ezkio-Itsaso Udala

Berriak

 2010-03-31: Egunotan hasi dituzte Ezkio-Itsasoko lursailak eta mugak zehazteko lanak

Herriko lursailak eta mugak ondo zehaztuta utzi nahi ditu udalak; herritarren laguntzarekin ari dira.
Herriko lursailen mugetan zegoen arazoa ikusita, Ezkio-Itsasoko Udala hasi da lanean, herritarrekin batera, mugak zehaztu eta ondo erregistratuta uzteko asmoarekin. Otsailean herritarrekin egin zuten bileran, argi asko gelditu ziren herriko mugetan eta lursailetan zeuden arazoak. Asko ez dira mugetan ados jartzen, beste lursail batzuk erregistratu ere egin gabe daude. Udalak ordea luze baino lehen gai honi heldu nahi izan dio, eta udarako, zehaztuta utzi nahi dituzte herriko lursail eta muga guztiak. Horretarako aurreneko pausoa herritarrekin bilera egitea izan zen. Harrera ona izan zuen deialdiak, eta 80 bat herritar agertu ziren bilera hartara. Udalak «elkarlana » eskatu zien herritarrei, eurekin batera adostu eta zehaztu nahi baitituzte muga hauek. Inaxio Galdos nekazaritza zinegotziaren arabera, «erakutsi duten borondatea zoragarria» izan da, jakin baitakite gai hau «oso korapilotsua» izan daitekeela.
Katastroan agertzen diren akats guztiak konpondu eta behingoz muga guztiak ondo zehaztuta uzteko lanari egunotan ekin diote. Herritar eta lurjabeekin elkarlanean, teknikariak muga guztiak berriz errepasatzen ari dira, neurketak egin eta GPSaren bidez koordenada berriak zehaztuz. Muga guztiak zehaztutakoan, lursailen plano osatu eta berritua aterako dute.
Hau izan liteke lanaren parterik zailena. Izan ere, desadostasunak dauden puntuetan, lurjabe bat baino gehiago elkartu eta ados jartzen saiatu beharko dute. «Lur jabe baten lurrek beste zortzi lurjaberen lurrekin muga egiten badute, guztiekin hitz egin beharko du». Horretarako, elkarrizketaren bidea aukeratu dute. «Zain egon gabe euren lurren mugakideei deitu eta bilerak egiten hasteko» gomendioa eman die Inaxio Galdosek.
Batzuk dagoeneko hasiak dira lan horretan, eta badira aurreratuta dabiltzan batzuk ere. Egunotan, Izazpiko zenbait lursailetan neurketak egin eta mugak zehazteko lanetan aritu dira herritarrak. Udaletik argi utzi nahi izan zuten elkarlan hau borondatezkoa zela, baina gauzak ahal den eta hobekien zehaztuta uzte aldera, herritar guztien elkarlana eskatzen dute.
Lan hauek egiteko, udalak inguruko erakundeetan ere bilatu du elkarlana. Hala, hainbat dirulaguntza lotu dituzte dagoeneko, eta Etorlurrekin ere lankidetza hitzarmena egin dute
Muga hauek guztiak zehaztuta uzteko, sei hilabeteko epea jarri dute udaletik. Honekin batera mugarriak jarri eta lursailetarako bideak garbitu beharko dituzte. Izan ere, basoetako bideen inbentarioa egiteko asmoa ere badute prozesu honen barruan.
Behin prozesu hori bukatutakoan, hurrengo belaunaldietarako konponduta utzi nahi dute dagoeneko urte askoan luzatu den lurren antolamenduaren arazoa.

Ezkio Itsasoko udala 2008 ©