Eraikinaren
aurrealdea ere itxuraldatu
dute Udalak diruz
lagunduta, eraikina herri
jabetzakoa baita.
Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi auzoan
dagoen Anduaga elkartearen
beheko solairua berritzeko lanak
bukatutzat eman dituzte, baita
eraikinaren aurrealdea eta kanpoaldea
konpontzeko obrak ere.
Etxaurrea eraberritzeko Ezkio-
Itsasoko Udalaren diru laguntza
jaso du Anduaga elkarteak, eraikina
herri jabetzakoa baita.
Egun hauetan Mandubitik
Izazpi barrenera bitartean dauden
62 ehiza postu zozkatzeko irekitzen
dute Anduaga elkartea. Zozketak
astelehenetik ostiralera egunero
egiten dituzte, 20:00etatik
20:30era bitartean. Ostiralean larunbateko
eta igandeko postuak
zozkatzen dituzte eta igandean berriz,
astelehenekoak. Jose Mari
Zumarraga eta Luis Mari Torres
bazkideek jakitera eman dutenez
gainontzeko erabileretarako itxita
dago oraindik elkartea, «detaile
bat edo beste» falta delako. Baina
ez denbora luzerako: bihar irekiko
dute ofizialki Anduaga elkartea.
Aurrerantzean bazkideek nahi
dutenean erabili ahal izango dute.
Bazkide izan nahi duten
herritarrentzako deia
Anduaga elkarteak gaur egun 62
bazkide ditu, eta gehienez 70 izan
ditzake. Elkartean bazkide izan litezkeen
kanpotarren kupoa
%10ekoa da eta dagoeneko beteta
dago. Horregatik, Zumarragak eta
Torresek esan dutenez laster herritarrei
deia egingo diete bazkidetza
egitera animatzeko. 70eko kopurura
iristea da helburua.
Anduaga elkartearen beheko
solairua zein eraikinaren aurrealdea
berritzeko obrak uztailaren
4an hasi zituzten. Zegama SL eraikuntza
enpresak egin ditu obrak.
Orain arte elkarteak beheko solairuan,
sarretatik berehala komuna
eta tabernako barra zituen; elkarteko
bazkideen arabera espazioa
ez zegoen ondo antolatuta. «Festetan
eta beste hainbat ekitalditan
jendea elkartera gerturatutakoan
ez zen barruraino sartzen. Komuna
eta barra bertan zeudenez oztopo
modukoa sortzen zen. Hori aldatu
nahi genuen obra hauekin»,
aipatu du Luis Mari Torresek.
Espazioa berrantolatuta
Zeregin horrekin hasi zituzten lanak.
Orain sartu eta ezkerraldera
dago barra, baina ez da inolako oztoporik
sortzen. Ondoren mahaiak
eta aulkiak daude, eta bukaeran
komuna eta biltegia. Komunetako
batean dutxa jarri dute, eta
ezgaitasun fisikoa duten pertsonentzako
egokituta daude.
Elkartearen goiko solairuan ez
dute aparteko aldaketarik egin,
baina margotu eta txukundu egin
dute.
Bazkideak gustura geratu dira
obrekin, «helburuak bete dituztelakoan eta polita geratzeaz gain, elkartearen
antolaketak aldaketa
nabarmena egin duelakoan».
Barruko obraren aurrekontua
34.000 eurokoa izan da eta bazkideek
ordainduko dute. Batzarrean
mailegua eskatzea onartu zuten
eta zati bat kredituarekin ordainduko
dute.
Aurrealdea berritzea,
aspaldiko asmoa
Eraikinaren aurrealdea berritzeko
asmoa aurreko legegintzalditik
zuen Ezkio-Itsasoko Udalak, eraikina
herri jabetzakoa baita. Elkarteak
herrian antolatzen dituen ekimenak
direla-eta «herrian jartzen
duen aletxoagatik» 36.000 euroko
diru laguntza eman diete aurrealdea
berritzeko.
Beheko partean, bi aldeetan eta
goiko aldekon leiho inguruetan
harria jarri dute, bistan. Gainerakoa
margotu eta saneatu egin dute.
Ez da hori, ordea, egin duten berrikuntza
bakarra. Leiho guztiak aldatu
dituzte. Kopuruan ez da aldaketarik
izan, baina atzeko partean,
beheko aldean lehen zituenak baino
leiho txikiagoak baititu orain.
Sarrerako ate berria ipini dute, eta
eraikinaren beste puntan beste sarrera
bat atera diote etxeari. Lehen
ez zegoen leku horretan aterik, eta
oraingoa biltokira kanpotik zuzenean
sartzeko erabiliko dute.
Bigarren solairuan zegoen balkoia
kendu egin diote eraikinari,
garai batean eskola izandakoa, elkartekoen
arabera ez baitzitzaion
erabilerarik ematen.
›› DATUAK
62
bazkidekoa da Anduaga elkarteak
gaur egun dituen bazkideen kopurua.
Gehienez 70 izan ditzake.
Bazkide izan litezkeen kanpotarren
kopurua %10ekoa da, eta beteta
dago dagoeneko kupo hori.
Orain herritarrei egingo diete bazkide
izateko deia; libre geratzen diren
8 tokiak bete nahi dituzte.