Ezkio-Itsaso Udala

Berriak

 20-01-2010: Santa Lutzi Zahar eraikina berritzeko lehen fasea laster bukatuko dute

Lehen fasean egitura guztia berritu diote eraikinari, eta bigarren zatiarekin berehala hasiko dira.
Ezkio-Itsasoko Santa Lutzia-Anduaga auzoan lehen kultur etxea izandako Santa Lutzi Zahar eraikinean egiten ari diren lanen lehen fasea bukatzear da. Teilatua bota diote jada, eta orain teilak jartzen ari dira. Ezkio-Itsasoko alkate Tomas Etxanizek jakitera eman duenez elurrarengatik zerbait atzeratu egin behar izan dute lan hori, baina teilak jarritakoan amaitutzat emango dute lehen fasea.
Santa Lutzi Zahar eraikinean lanak egiteko ideia aspalditxotik dator. Ezkio-Itsasoko zerbitzuen inguruan azterketa egin zuten herrian eta zera ondorioztatu zuten: auzo bakoitzean hainbat zerbitzu eskaintzea ontzat eman arren, herri osoari erantzuna emango zioten zerbitzuak eta ekipamenduak ere behar zirela herri erdian. Bost ziren zerbitzu horiek: Osasun Zentroa, zerbitzu administratiboa edo udaletxea, kultur ekipamenduak, kirol ekipamenduak eta eskola. Horietatik bi bazeuden lehendik: Osasun Zentroa eta udaletxea. Egungo udaletxea baldintza kaxkarretan dago, ordea. Tomas Etxanizek aipatu duenez azpiegitura moduan hainbat gabezia ditu: «igogailurik ez du eta beraz, irisgarritasunik ez da bermatzen bertan eta espazio moduan ere txiki geratu zaigu».
Egungo udaletxea berritzekoEgungo udaletxearen gabeziak ikusita berau berritzeko proiektua egin zuten. «Euro askoko aurrekontua egin ziguten eta diru hori beste modu batean erabiltzea erabaki genuen». Santa Lutzi Zahar eraikinean inbertitzea pentsatu zuten. Bertan liburutegia eta erabilpen anitzeko gela bat zegoen, baina gainerakoan hutsik zegoen. Liburutegia eta erabilera anitzeko gela han berriz egiteaz gain, udaletxea ere hara eramatea adostu zuten Udalean. Eta proiektua egiteko eskatu zioten arkitektoari.
Hasierako proiektua Pilar Amenabarrek, aurreko legegintzaldian udal arkitektoa izan zenak, egin zuen, duela bost urte. Amenabarrek azpiegitura guztia egurrezkoa egitea planteatzen zuen. Udaleko kideek proiektuari onarpena emateko garaian ikusi zuten ordea, teilatua egurrezkoa izan arren beste guztia hormigoiez eginez gero, aurrekontua murriztea lortuko zutela eta ondorioz beste proiektu bat egiteko eskatu zuten.
Landa Gipuzkoa 32programatik diru-laguntzak jaso ahal izateko proiektua Gipuzkoako Foru Aldundira bidali zuten eta hormigoizkoa izateagatik zenbait arazorekin topo egin zuten. Santa Lutzi Zahar eraikina hondare historikoa da eta eraikinari hormigoizko azpiegitura eginez gero eraikinaren izaera bere horretan ez zela mantenduko esan zieten eta horrekin lotuta, zenbait diru laguntza ezin izango zutela jaso ere aipatu zieten. Horregatik Ezkio-Itsasoko Udalak hasierako proiektura bueltatzea erabaki zuen.
Santa Lutzi Zahar eraikina bi fasetan berrituko du Eguzki eraikuntza enpresak eta obren aurrekontua milioi eta erdi eurokoa da.Foru Aldundiko Landa Gipuzkoa 32programatik 600.000 euro jaso dituzte, Eusko Jaurlaritzako Erein programatik 170.000 euro eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailetik berriz, 55.000 euro. Gainerakoa Ezkio-Itsasoko Udalak jarriko du.
Egitura berritu diote
Lanen lehen fasean eraikinaren egitura guztia berritu dute. Etxanizek azaldu duenez kanpoko lau paretak soilik utzi zituzten zutik eta proiektuan idatzi bezala, egurrezko azpiegitura egin diote. Eraikinak lehen zituen zutabe eta haga batzuk aprobetxatu dituzte horretarako. Zoruak eta teilatua ere guztiz berritu dizkiote.
Lanen lehen fasearen aurrekontua 600.000 mila eurokoa izan da. Lehen fasea bukatu eta berehala hasiko dira bigarrenarekin ere. Orduan solairuen banaketa egingo dute. Beheko solairuan liburutegia, erabilera anitzeko gela eta artxiboa egingo dituzte. Bertan joango dira besteak beste, berogailuaren kaldera eta igogailua ere.
Lehen solairuan udaletxea kokatuko dute. Bertan egingo dituzte harrera gela, udal osoko bilkurak egiteko aretoa, bulegoak eta komunak. Artxiboaren beste zatia lehen solairuan egingo dute.
Bigarren solairua ere berritu egingo dute, baina ez dute inolako banaketarik egingo bertan. Tomas Etxanizek aipatu duenez momentuz ganbara moduko bat izango da.
Bigarren faseak 900.000 euro inguruko aurrekontua du eta seibat hilabeteko epean bukatuta egongo dela aurreikusten dute. «Gero udaletxea eta eraikineko gela batzuk hornituz joan beharko dugu pixkanaka» dio Etxanizek.. proiektua

Ezkio Itsasoko udala 2008 ©