Ezkio-Itsaso Udala

Berriak

 20-01-2010: Taldean jolas eginez ikasi

Igartubeiti baserri museoan larunbatero egiten dituzten tailerren artean, azkenekoan baserriaz eta bere inguruneaz gehiago jakiteko aukera izan zuten saioan parte hartu zuten haurrek.
Baserria duela gutxi arte Euskal Herriko zutabeetako bat izan da. Jende asko bizi zen baserritik, eta bizitoki ez ezik lantoki ere bazelako familia gehienentzat. Urte gutxiren buruan, industrializazioaren ondorenetik, gauzak asko aldatu dira. Baserriak egon badaude, eta eder askoak gainera, baina kasu askotan zaharberritu eta bizitoki soil bihurtu dira. Urtetik urtera gutxitu dira baserritik bizi direnak. Ondorioz, haur zein heldu askori arrotzak zaizkie baserriarekin lotutako lanak, gailuak eta hiztegia bera ere.
Larunbatean Igartubeiti baserri museoan, Ezkion, larunbatero antolatzen dituzten tailerren barruan baserriaz eta bere inguruneaz zerbait gehiago jakiteko aukera izan zuten haur zein helduek. Sei haurrek eta guraso batek parte hartu zuten saioan, 16:30etik 18:30era bitartean. Hainbat gauza ikasteaz gain arratsalde ederra pasatzeko aukera izan zuten.
Partaideek baserria eta bere ingurunea errepresentatzen duen maketa interaktiboan pieza desberdinak (baserriak, artaldea, sagastiak, hariztiak, pinudiak, txondorrak, karobiak, etxolak, lantegiak, kanpandorreak...) kokatu zituzten zenbait dinamika jokoren bitartez, galdera-erantzunen, frogen eta beste hainbat jokoren bitartez. Horrela baserriaz eta harekin lotutako hiztegiaz zerbait gehiago ikasteaz gain, modu bisualean paisaiak Erdi Arotik gaur egunera izan duen eraldaketaz jabetzeko aukera izan zuten.
Urtarrilari dagozkien tailerrekin amaitzeko beste bi saio egingo dituzte. Larunbat honetan herri kiroletan aritzeko aukera izango da eta urtarrilaren 30ean kandelak egiten ikasiko dute. Gero Igartuaskaria zerbitzatuko diete antolatzaileek bertaratutakoei.
Tailerrak 6tik 12 urte bitarteko haurrak dituzte familientzako dira, doan. Parte hartu nahi dutenek Igartubeitira deitu behar dute.

Ezkio Itsasoko udala 2008 ©