Ezkio-Itsaso Udala

Berriak

 17-01-2010: Funcasa-Mein fundizioko langileek lana deuseztearen kezka agertu dute

›› Lan-taldeari eusteko «ahalegina» egin dutela diote langileek, eta enpresak hori «erabili» duela eskubideak urritzeko.
Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi auzoan dagoen Funcasa fundizioko (Mein markarekin dago merkatuan) langileek kezka eta haserrea adierazi dute, enpresak lanpostuak deusezteko eta eskubideak gutxitzeko asmoa duela esanez. Lankideak ez kaleratzeko lan-taldeak berak burutu dituen «ahaleginak » baldintzak txartzeko «erabili » direla salatu dute.
Iazko urtearen hasieran iritsi ziren egoera txarraren hotsak Funcasara, eta orduz geroztik hainbat erabaki adostu dituzte langileek, soldata igoerarik ez eskatzea adibidez. Baina enpresaren asmoa «eskubideak zapaltzea» dela eta kalera atera dute protesta. Atzo elkarretaratzea egin zuten Funcasako hainbat langilek Urretxu-Zumarragako Areizaga Kalebarren enparantzan, kaleratzeen kontra.
«Enpresaren zuzendaritza krisiaren mamua erabiliz eta kaleratzeen mehatxuen bidez gure eskubideak zapaldu eta poltsikoak xahutu nahian dabilela salatu nahi dugu», adierazi zuen langileen komisioko kide batek.
Egungo egoeraren hasiera-garaia gogoratu dute, eta nola langileek dagozkien eskubideei «uko» ere egin zieten. «2009ko hasieran lantegiko arduradunek esan ziguten ez zigutela lan-hitzarmena berrituko, ezta Gipuzkoako ituna ezarriko ere, krisiaren aitzakian. Gure eskubideei uko egin genien orduan, momentu hartan aldi baterako lanean zeuden bost langileei behin betiko kontratua egitearen eta lan-taldea mantentzearen truke», argitu du langileen ordezkari batek.
Kaleratzea eta ordu murrizketa
Lan-taldea, ordea, murriztu egin zuen enpresak udako oporren aurretik, errelebo-kontratua zeukan langile bat kaleratuz. «Kalte-ordaina eman behar izan zioten, bidegabeko kaleratzea baitzen». Bestetik, irail, urri eta azaroko hilabeteetan ordu batzuk eta zegokien soldata gutxitzen ez bazuten beste 10 langile kanporatuko zituela «mehatxu egin» zuen enpresak.
«Onartu genuen, lan-taldea mantentzeko balioko zuelakoan. Baina hitzartutako garaia bukatu bezain pronto, abenduan, bigarren lankide bat kalera joango zela esan zuten. Asteartean geratu zen lanik gabe», deitoratu dute langileek.
Funcasako zuzendaritza krisia «langileen eskubideak kentzeko erabiltzen» ari dela salatu dute, «kaleratzeekin izuaraziz oraingo egoera geuk ordain dezagun». Orain, 2010eko itunaz hizketan hasterakoan, «mehatxuak berriz» hasiko diren beldur direla diote.

Ezkio Itsasoko udala 2008 ©