Ezkio-Itsaso Udala

Berriak

 06-01-2010: Ezkio-Itsasoko nekazaritza lurrak antolatzeko plangintza jarri dute abian

Teknikarien laguntzarekin lur sailen jabetza zehaztu eta behin betiko mugak finkatu nahi dituzte, besteak beste.
Ezkio-Itsasoko nekazaritza eremuko lur sailen mugetan sortzen diren arazoak direla eta, kezkatuta dago aspalditxotik bertako Udala. Izazpiko lur sail batzuk larre toki bihurtzeko antolaketa lanak egiten hasi zirenean jabetu ziren arazoaren benetako maila zenbaterainokoa zen. Ezkio-Itsasoko Udaleko Nekazaritza zinegotzi Inaxio Galdosek jakitera eman duenez urteak igaro ahala arazoa, mugekin sortzen dena edo lur sailen jabetzarekin, handiagotzen doa gainera. Horregatik, herriko nekazaritza-lurrak antolatzeko plangintza egingo du Udalak. Lan horiek burutzeko garaian teknikari baten laguntza izango dute.
Herriko nekazaritza eremuko lur sailen egoera irregularra da: katastroko partzela-planoan lur sailak markatzen dituzten muga gehienak gaizki daude; partzela batzuk nahastuta daude eta lur sail baten kasuan jabearen izena aldatuta dago, baita zenbait baserrietxeren kasuan ere. ez dira agertzen benetan dauden partzela guztiak, badaude eskrituratu gabeko lur sailak, baita erregistratu gabeak ere. Sail askoren mugak zehazki nondik nora doazen inork ez daki; badira partzela-planoan azaltzen ez diren sail batzuen eskriturak, baina sail horiek non dauden ez dakite jabeek ere. Lur sailak erabat zatikatuta daude, batez ere basoetako zenbait eremutan.
Zailtasunak lur jabeentzat
Galdosen hitzetan egoera horren ondorioz «zailtasunak eta alferrikako gastuak» sortzen zaizkie lurjabeei hainbat lanetarako: «Sailak zehatz kokatzeko, basoak saldu edo erosteko, eskriturak egiteko, erregistratzeko, landaketak edo pistak egiteko arazoa izaten da».
Udaleko Nekazaritza Batzordearen ustez arazo horiek nork bere kabuz konpontzea zaila eta korapilotsua da. «Aldiz, ondo antolatu eta teknikari baten laguntzarekin talde-lanean eginez gero lana asko erraz daiteke», gehitu du Galdosek. Beraz, Ezkio-Itsasoko Udalak irtenbide bat aurkitzeko ahalegina egitea erabaki du, eta horretarako plangintza bat zehaztuko dute.
Zenbait kontsulta eta bilera egin ondoren proiektu bat osatu du Udalak. Galdosen arabera lanerako prozedurak ezarri dira, eta kostuen aurrekontua zenbaiterainokoa den ere finkatu dute. Proiektua gauzatu ahal izateko Etorlur enpresa publikoaren eskutik diru laguntzak jasoko dituzte. Beste zati bat Udalak berak jarri beharko du. Diru laguntza horiez gain, Etorlurrekin lankidetzarako hitzarmena ere sinatu du Udalak.
Proiektuaren helburuak
Inaxio Galdosek jakitera eman duenez proiektuaren helburuak hiru dira: batetik, lur sailen mugetan dauden okerrak zuzendu eta zalantzak argitu nahi dituzte. Bestetik, lur sailen jabetza zehaztu eta behin betiko mugak finkatzea da asmoa, GPS bidez poligono eta partzelei izena eta zenbakia jarriz. Azkenik, lur sailak edo partzelak bateratu eta basoetako bideen inbentarioa egin nahi dute, egon litezkeen aukera guztiak jorratuz.
Ezkio-Itsasoko Udaletik nabarmendu dutenez proiektuan parte hartzea borondatezkoa da, interesa duenak eskaria egin beharko du eta ondoren proiektuan eta jarritako lanetan parte hartu. Galdosek zehaztu duenez «beharrezkoak diren bilerak egingo ditugu lur jabeekin, asmoak azaltzeko eta iritziak trukatzeko». Zailtasun teknikoa edo adostasunik ezak sor ditzaketen arazoei irtenbidea bilatzen laguntzeko, berriz, Arbitraje Batzordea sortuko dute, baso eta lur sailetan adituak diren konfiantzazko teknikariek osatua.
Lur jabeei eskatuko eta eskainiko zaiena
Proiektuan parte hartu nahi duten lur jabeei mugak garbitzeko eskatuko diete. «Teknikariak euren tresnekin mugarriak dauden lekuetara erraz pasatzeko moduan utzi behar dira inguruak, bestela egin beharreko lana zaildu egin baitaiteke».
Muga bakoitzeko mugarriak garbi finkatuta utzi beharko dituzte, mugakide guztien adostasunarekin. Argi ez dauden mugak aurreko lanaren ondoren zehaztuko dituzte aipatutako Arbitraje Batzordearen bitartekotzarekin. Eta beharrezkoa bada lur jabeak berak dituen eskriturak edo agiriak ere aurkeztu beharko ditu.
Bestalde, lur jabeari teknikari baten laguntza eskainiko diote mugetan egon daitezkeen zalantzak argitzen laguntzeko, behar diren administrazio gestioak eta lanaren koordinazioa egiteko. GPS bidez mugak behin betiko finkatu eta lur sailen planoa ere egin ahal izango du, mugarri bakoitzaren koordenatu zenbakiekin. Lur jabeak ez du ezer ordaindu beharrik izango bi kasu horietan.
Udalak «lehenbailehen» ekin nahi dio proiektuari, eta bertan parte hartzeko interesa duten lur jabeek urtarrilaren 30a baino lehen eman behar dute izena udaletxera joanda edo telefonoz hots eginda (943 72 13 03).
Bi batzar egingo dituzte
Proiektuaren helburuak eta xehetasunak azaldu eta iritziak trukatzeko bi bilera egingo dituzte, bat bihar Itsasoko Ostatuko jangelan, 19:00etan. Bestea urtarrilaren 15ean, ostirala, Ezkioko Igartubeiti Museoko Interpretazio Zentroan, 19:00etan. Dena den, zalantzaren bat duenak udaletxera ere jo dezake informazio gehiagoren bila, urtarrilaren 13tik aurrera asteazken arratsaldeetan 18:00etatik 19:00etara bitartean.

Ezkio Itsasoko udala 2008 ©