
Gi-2632 errepidean, Santa Lutzia auzoan dagoen bidegurutzean gora hartuta
iritsiko gara bertara.
Herrigunea San Migel Goiaingeruaren parrokiaren inguruan elkartutako etxe
gutxi batzuek osatzen dute.
Bisita-gai ditugun elementuen artean apaizetxe ondoko ur putzua eta harrizko
gurutze bat daude.
Herrikoen bilgune nagusia Argindegi ostatua da.
Auzoko jai nagusia maiatzaren 8an, San Migel egunean, izaten da.

XVI. mendeko parrokia hau lehenagotik zegoen eliza gotiko baten hondarren
gainean eraikia izan zen, eta eliza hartatik zortzi arkibolta edo kapitel
jarraitu dituen arku zorrotzeko ataria dago oraindik ere.
Barrualdean garaiera bereko hiru nabe ditu, sekzio lau angeluarreko bi
zutoin ilarak banatutakoak.
Dorrea oinaldean dago eta dorrearen beheko zatiak leiho gotiko zoragarri
bat du, erdiko zutabe batek erdibitzen duelarik. Horrek adieraz lezake
eliza berarekin batera eraiki zela. Dorrea osatzen duten gainaldeko bi
gorputzak XVII. edo XVIII. mendean eraikiak dira. Ohiturak dioenez, kanpandorrearen
kanpai hotsa Goierri guztitik entzuten da.



Ezkiok bi gurutzadura ditu, honako hau herrigunean Apaiztegi baserriaren ondoan dago.
Hareharriz egina, bi harmaila biribil eta oinarri karratu baten gainean
eraikia. Oinarriak dituen lau aurpegietan erronbo horizontal bana ditu
landuak
Fustea zilindrikoa da, 2,33 metrokoa eta azala ildaskatua du.
Kapitela korintoar motakoa da, akanto orriz apaindua. Gurutzea sekzio
laukidunekoa da eta aurrealdean Jesus gurutzatuaren irudia
dago, atzealdean Maria Birjina haurra besoetan duen
irudia dagoelarik.
Gurutzaduraren altuera osoa 4,50 metrokoa da.