Ezkio-Itsaso Udala

Igartubeiti
Igartubeiti

Santa Lutziatik Ezkiora iristeko gorantz doan errepidearen ondoan, XVI. mendeko eta ia aldaketarik gabe gaur egunera arte zutik iraun duen Igartubeiti baserria kokaturik dago.

Bere balio kultural, historiko, antropologiko, arkitektoniko eta sinbolikoek babestu beharreko euskal ondarearen giltza bihurtzen dute Igartubeiti baserria.
Igartubeiti XVI. mende erdialdean eraiki zuten, eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide paregabea da. Igartubeiti baserria XVII. mende hasieran iritsi zen bere unerik onenera, bizimodu eta lan berriei egokitzeko zabaldu eta aldatu egin zutenetik aurrera. Jatorrizko egurrezko egitura bikain mantendu izanak eta barruan duen sagardo dolare handiak Euskal Herriko baserri interesgarrietarikoa bihurtzen dute Igartubeiti.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992. urtean erosi zuen Igartubeiti baserria, desagertu ez zedin. Erabat zaharberritu eta eredu izendatu zuten, eta baserriak XVII. mende hasieran zuen irudi historikoa berreskuratu du.

Barrutik, antzinako baserrien egiazko bizitza birsortzen duen museo bihurtu da eta, bertan, duela lau mende euskal baserria nolakoa zen jakin daiteke, zuzenean eta interferentziarik gabe: argirik ez, jatorrizko altzari eta tresnak, orduko usainak eta lurrina.

Udazkenean, dolarea martxan jartzen da sagardoa egiteko, orain dela bostehun urteko teknika erabiliz.

Interpretazio Zentroa

Interpretazio Zentroan euskal baserriaren historia birsortzen da. Igartubeitiko familia eta bizilagunen ahotsen bidez, antzinako baserrien hazkunde eta bilakaera, biztanleen bizimodu eta lanak, euren arteko harremanak, sinesmen, ekoizpen, elikadura, dibertsio eta sufrimenduak ezagutzeko aukera dugu.
Interpretazio Zentroan Igartubeitira egiten diren bisitak kudeatu eta baserriaren historiaren inguruko jarduerak antolatzen dira.


2008ko neguko ordutegia

Asteazkenetik igandera: 10:00-14:00.
Larunbatetan 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.

Bisita gidatuak:

Asteazkenetik igandera: 11:00etan eta 12:30ean.
Larunbatetan: 11:00etan; 12:30ean eta 17:30ean

Tarifak:

Egungo tarifak mantentzen dira irailaren 20ra arte.
Dohainik: ostegun guztietan.
Orokorra: 1,20 €
Murriztua: (ikasleak, taldeak, jubilatuak eta langabezian daudenak): 1,00 €
Dohainik, 10 urtetik beherakoak.
Bisita gidatuak: 1,00 €

Lotura: www.igartubeiti.gipuzkoakultura.net

Bueltatu
Ezkio Itsasoko udala 2008 ©