
Gi-2632 errepidean Alegia auzoko bidegurutzean gora eginda iritsiko gara
bertara.
Herrigunea San Bartolome parrokiaren inguruan elkartutako etxeek osatzen dute.
Parrokiaz gain, Pott Zeramika lantegia bisitatzeko aukera daukagu Itsason.
Herrikoen bilgune gisa Itsasoko Ostatua dago plaza ertzean.
Auzoko jai nagusia, abuztuaren 24an, San Bartolome egunean ospatzen da.

Nabearen lau atalak margoz apainduriko ertz-gangez daude estalirik. Angeluzuzeneko dorrea du elizaren oinaldean; eta barrenean arku zorrotzeko bi atez zulaturik dago. Arkiboltadun arku zorrotzekoa da portada nagusia, eta zurezko egitura duen arkupea du albo batean.
Aurreko eliza gotiko baten hondarren gainean (portada nagusia harena da,
erromanikotik gotikorako trantsizio garaikoa) beste eliza handiago bat eraiki
zen XVI. mendearen lehen erdian. Aldare nagusiko erretaula 1575. urterako
egina zuen Juan de Lizarazu eskultoreak. Absidean, azken afaria eta familia
sakratua irudikatzen dituzten margoak daude.
Kapera nagusi edo presbiterioa besterik ez zen, garai hartan, gurutzadura
gangaz estalirik egongo; gainontzeko guztian, aldiz, teilatu zurajea agerian
egongo zen eta, are gehiago, koru egitura, dorre edo kanpandorrearen burua
eta alboetako hormen zatirik gehiena ere zurezkoa behar zuen izan.

Dorrearen burua 1697an egin zen harriz eta 1715 eta 1717 urteen artean
Gabiriako hargin maisuak ziren Iturbe anaiek zenbait obra egin zuten arkupeetan,
baita ur bedeinkatu ontzia eta bataiarria ere. Kanpandorreko erlojua 1730ekoa
da, eta Gipuzkoako zaharrenetarikoa.
Elizaren barrualdeko eraldatze handiei XVIII. mendean ekin zitzaien; zuraren
ordez harria sartzea izan zen funtsean eraldatze hori.
1861eko uztailaren 21ean harri-erauntsi bat izan zen eta elizako teilatua
txikitu zuen. 1872. urtean obra handiak egin zirela ere badakigu, 32.770
errealeko faktura ordaindu baitzen. 1882an berriz arkupean harri-losak ipini
ziren, bertako plaka batean idatzita dagoen bezala.
Korua artistikoki landuta dauden hiru arkuen gainean oinarritzen da. Koruaren
azpian, bataiarri bat eta Doloretako Amari eskainitako aldarea daude.

Hilerrietako gurutzeak, gurutze-bideko XII. egonaldiko gurutzeak izaten
dira. Gehienetan gurutze hauek hilerria bera baina zaharragoak izan ohi dira,
hilerriak gurutzeen inguruan egin zirelako, baina zenbait kasutan beraien
jatorrizko kokapenetik hilerrietara eraman ziren, XIX. mendean. Badirudi
Itsasokoa ere tokiz aldatu zutela.
Gaur egun hilerriaren erdi-erdian
dago, eta Gipuzkoan ondoen kontserbatzen den eta apaingarri gehien duenetarikoa
da. Hareharrizkoa da, oinarria piramide-enbor itxurakoa da, 24 cm-koa, eta
gurutzeak 290 cm ditu guztira. Aurrealdean hainbat irudi ditu landuta: INRI
idatzia, pasioko kaliza, arantzazko koroa zetroaz gurutzatua, Jesusen tunika,
lantza eta kanabera esponjarekin, gurutzaturik eta sokaz lotuta, Pilatoren
konketako pitxerra, oilarra, zigorraldiko zutabea bi zartailuz inguratua, hiru
iltze, Santo Tomasen eskua, tenazak, bi eskailera, mailua, eta barrena-zulo
eta zurezko ziriak.

Kizkitza baseliza aldera doan bide ondoan dago, Mandubiako mailora iristen
zen mendiko antzinako bide bat markatuz, Oria eta Urolako isuraldeen arteko
muga zena.
Eraikuntza errektangeluarra da, eta lau isuriko teilatua du. Sarrerako
atearen ondoan ur bedeinkatu ontzia eta harrian landuriko gurutze txiki bat
daude. Aldarearen parean leiho bat du eta honen azpian “VIVA
EL REY CAT” irakur liteke (“católico” izango zen
ziurrenik).
Barruan San Lorentzori eskainitako erretaula dago, harrizkoa aldarea (Arriarango
apaizetxetik ekarria) dauka eta eusten dioten bi harriak Itsasoko Atingoena
baserriko zutabeen oinarriak izan ziren garai batean.
Zehaztu gabeko garai batean izurritea izan zen herrian, eta ermita hilerri
bezala erabili beharrean suertatu ziren. 1977an zorua berritzean, hezur ugari
aurkitu zen lurpean, eta zati batean lurra agerian utzi zen hezur hauei lur
emateko.
Gaur egun meza bat ospatzen da urtean, abuztuaren 10etik gertueneko igandean,
arratsaldeko seietan. 50eko hamarkadara arte erromeria ere egiten zen meza
ondoren, baina gaur egun galduta dago ohitura hau.

1993 urtean sortu zutenetik, Maite Salutregi eta Jone Urain artistek zuzentzen dute Pott Zeramika lantegia. Bertara hurbilduz gero, zeramikaz egindako era guztietako artelanak ikusi eta erosteko aukera izango dugu.
Harremanetarako: Telefonoa: 943161965 edo e-posta:
pottartea@euskalnet.net
Web gunea: www.pottartea.com