664 m-ko altueran dago, 1622an eraiki zen, eta izen bereko mendi tontorrean
dago. Mandubia gainetik, nahiz Ezkio eta Itsasoko herriguneetatik iritsi
gaitezke bertara.
Gipuzkoako barnealdean egonagatik, itsasoarekin lotura handia dute, bai
ermitak eta baita bertako ama birjinak ere. Historiaren arabera, lotura
hau aspaldi sortua da, inguruko basoetako egurra itsasontzien eraikuntzarako
ustiatzen zelako. Gaur egungo itsas faroa Tarifako portutik ekarria da,
eta 1962an ezarri zen, sute baten ondoren ermita eraberritu zenean. Dirudienez,
lehenago ere bazen itsas faro bat, egurra ustiatzen zuten ontziolek oparitua,
baina autore guztiak ez dira ados jartzen hau baieztatzerakoan. Itsasoarekiko
lotura hau ermitaren egiturari berari eta inguruko elementuen kokapenari
begiratuta ere antzeman daiteke, itsasontzi baten itxura imitatzen baitute.
Diotenez, ermita honetako lehenbiziko ama birjinaren irudia ingurune honetan
aurkitu eta herrira eraman zuten. Ikusirik irudia desagertu eta berriro
hasieran aurkitu zuten tokian agertzen zela, bertan baseliza bat eraikitzea
erabaki zuten bizilagunek.
1818an Ezkioko “Juan Yon de Aranzady” parrokoak informe
bat egin zuen Kizkitzari buruz, Iruñako gotzainak eskatuta. Ermitaren
egoera kaxkarra azaltzeaz gain, aipatzen du ermitak Alegiako Magdalena
elizarekin duen zorra ez duela ordaindu, eta ez duela ordaintzeko aukerarik.
Bestalde, erromeriako egunean dantza publiko lizunak, borrokak eta eztabaidak
izaten direla salatzen du. Informe hau kontuan hartuta, ermita eraisteko
agindu zuen Iruñako gotzaindegiak 1820an, bere materialekin lortzen
den dirua Magdalena elizarekin duen zorra kitatzeko, eta ama birjinaren
irudia parrokiara jaisteko.
Irudia jaitsi zuten elizara, baina handik gutxira Kizkitzarako bidean
agertu zen zuhaitz baten ondoan. Jendeak miraritzat hartu zuen, eta prozesio
batean Kizkitzara itzuli zuten. 30 urte geroago herriko bi gaztek aitortu
zuten beraiek utzi zutela zuhaitzaren ondoan. Kizkitzaraino eramateko
asmoa zuten baina bidean beldurtu egin zirelako utzi zuten bertan.
Dirudienez, lehenengo irudi hau bigarren guda karlistan desagertu zen.
Ondoren beste irudi bat ipini zen, baina behin berriztatzera eraman eta
ez zen gehiago azaldu.
Hirugarren irudia jantzitako ama birjina izan zen. 1959ko abenduaren 28ko
suteak baseliza erabat hondatu zuen, baina irudia ez zen hondatu (gaur
egun Itsasoko elizan dago jasota irudi hau).
1962an baseliza berreraiki zenean, XVII. mendekoa den Arrosarioko ama
birjinaren irudia jarri zen aldare nagusian, egurrezko itsasontzi baten
gainean. Dirudienez, ama birjinaren irudi hau Itsasoko parrokian zegoen
prozesio irudia da.
Ingurune hau Itsasoko biztanleek gestionatu dute historian zehar, gaur
egunera arte mantendu diren hitzarmen, arau eta antzinako lan-moduen bitartez.
Pagadia Itsasoko zenbait familiak landatu zuten, eta bertako egurra ustiatzeko
eskubidea familia hauek izan dute, jatorrizko baserriko jarduerari eusteko
baldintzarekin. Bestalde, auzolana funtsezkoa eta ezinbestekoa izan da
ermita eta ingurunea mantentzeko, sutearen ondorengo berreraikitze osoa
barne.
XX. mendearen erdira arte, ohitura zen Ostegun santuan parrokiatik baselizara
prozesioa egitea; gero Kizkitzatik San Lorentzo ermitara jaitsi eta hemen
arrosarioa errezatzen zen eta azken funtzioa Itsason egiten zen. Gaur
egun hiru meza ematen dira bertan: Pazko egunean arratsaldez, irailaren
8an (eskualdean sona handia duen erromeria ospatzen da), eta honen ondorengo
igandean, arratsaldez.