Ezkio-Itsaso Udala

Mandubizelai
Mandubizelai

Ezkio-Itsasoko udalerriko lurretan dago, Mandubiako bentatik abiatu eta Kizkitzako ermitara igotzen den bidean.
Trikuaizti trikuharrietatik hurbil dago monumentu hau, beraz, bere indusketak megalito-gune honi (bereziki garrantzitsua bertan monumentu asko biltzen direlako) buruzko datuak osatzeko aukera eman du.
Mandubiako bentaren parean dagoen baserritik irten eta ehizako postuak dituen zelaia ezkerretara utzi behar da; zelaia amaitzean, ilaran aurkitzen diren zuhaitzek basoari hasiera ematen diote. Alanbrezko hesiari jarraituz ezkerretara hartu behar da eta 50 metro ondoren, plaka duen monumentu bat ikusiko dugu.

Behin Trikuaiztiko harriak gogorarazten zuten tontor baten berri izan ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko irakasleen laguntzaz, J.A. Mujika Alustizak zuzendutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak subentzionatutako indusketa lanak hasi ziren. Hasierako garbiketak egin ondoren, agerian geratu zen tumuluaren gainazala, neurri txikiko basaltozko harkoskorrez osatua. Alboetara egin ahala neurri handiagoko blokeak, tumuluaren egituraren oinarria osatzen dutenak, ageri dira.
Mandubizelai
Hasierako garbiketak egin eta gero, esparru honen gaineko indusketak hortz zatiak eskaini ditu batez ere, eta giza hezurrak basaltozko harkoskorren eta margen artean daude. Bestalde, tamaina handiko margazko harri-zabal etzan bat ageri zen ganbara eta basaltozko bloke ugariren artean. Itxura batean harri horiek bertara bota edo utzi zituzten aurreko aldi batean giza hondakinez osaturiko geruza bat ixteko. Alderdi hau guztiz interesgarria da, trikuharri baten barruko estratigrafia hau batere ohikoa ez delako.
Aurkitutako tresneria-hondakinen artean, aipagarri dira kobrezko edo brontzezko ziri bat, sukarrian landutako gezi-mutur batzuk, pedunkulu batez eta sukarrian landutako hegalez hornitua, adarrean eta hezurrean landutako hegalez hornitua, adarrean eta hezurrean landutako bi gondera, zeramikazko ontzi baten zatiak eta beste batzuk. Kristo aurreko II. milurtekoan zehar erabili ziren tresna hauek.

Datuak:

"Arkeoleta Ikusketa 98" liburutik.
Arkeologi Ikerketa, Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila.
Textua: J.A. Mujika Alustiza.

Bueltatu
Ezkio Itsasoko udala 2008 ©