Ormaiztegitik Zumarragara doan errepidearen ertzean dagoen auzoa dugu.
Ezkio-Itsasok dituen industrigune gehienak bertan daude, baita udaletxea
eta mediku kontsultategia ere.
Auzo honetan bisitagai dira Santa Luziari eskainitako baseliza, Santa
Lutzia Zahar etxea, Santa Lutzia Zaharreko pikota eta Sagastizabal-Errotako
harrizko gurutzea ere.

Zumarragatik
Beasainera garamatzan bidean aurkitzen da Ezkioko herrigunera garamatzan
bidegurutzearen inguruan.
Nabe bakarrekoa den eta oinplano angeluzuzena duen Santa Lutzia elizak,
sortzetik historian zehar asko aldatu bada ere, XV-XVI. mendeko arku
zorrotzeko atari xumeari eutsi dio orain arte.
Baseliza hau 1585. urtetik dago dokumentatua. 1620ko data duen kontratu
batek erretaula eta Santa Lutzia irudia margotzea eta horiei urre kolorea
ematea agintzen zion aguraindarra zen Prudencio Garcia de Andoain-i.
1726.ean udal zuzendariek agintari gorenen aurrean merkatari eta erosleek
baselizari ematen zioten erabilera gaitzetsi zuten, euria ari zenean
denak baselizaren ingurura hurbiltzen baitziren aterpe bakarra zelako.
Urretxun egin zen batzar orokorrean bizilekuak ez zeuden guneetan feriak
egitea debekatu zuten. Hori dela-eta, Santa Lutziako feria (abenduak
13koa) Urretxun egiten hasi ziren eta ondoren Zumarragan; gaur egun
bi herrietan batera egiten da.
Auzoko festa egun nagusia San Pedro egunean, ekainak 29an, ospatzen
da.

XVI. mendean eraikitako etxea da. Atarian bi arku dituen eraikina da eta
Udaletxea izandakoa; oraindik ere fatxadan badu orduko handitasunaren itzalik.
Etxe honen atarian zutabe edo pikota bat dago, udalek zuzenbidea ezartzeko
zuten ahalmenaren adierazgarri.
Gaur egun, bertan Udaletxea, Liburutegia eta balioanitzeko gela daude.

Euskaraz pikotari “Urka”, “Urkabe” edo “Urkamendi” ere
deitzen zaio. Europa guztian zabalduak egon ziren, XIII eta XIX mende bitartean.
Kondenatuei zigorra aplikatzeko erabiltzen ziren, eta baita lapur eta gaizkileak
ordu batzuetan bertan lotu, eta jende aurrean zigortu eta lotsarazteko ere.
Bitxia da Gipuzkoan kontserbatu diren bi pikota bakarrak elkarrengandik
hain gertu egotea (Alegian dago bigarrena, Gabiriako zatian, 2 km eskasera).
Biak, antzina garrantzitsua izan zen bide baten alboan daude.
Gaur egun dagoen tokitik metro batzuetara zegoen lehen, eta kamioi
batek bota zuen 1985ean. Halere, hau ere ez zen izango bere jatorrizko lekua,
orain dagoen ingurua urbanizatzerakoan lehenengo harmailaren zatiak aurkitu
baitziren lurpean.
Hareharrizkoa da monumentu osoa, oinarrian bi harmaila ditu, 190 eta
130 cm-ko diametrokoak, eta moldeaturiko pieza bat. Fustea lau piezak osatzen
dute, 179 cm-ko altuera guztira, eta hauen gainean lau besoei eusteko zuloak
dituen pieza. Inguruko zaharrenek ere ez dituzte falta diren besoak ezagutu.
Azkenekoa, kono itxurako pieza bat da, eta gainean burdinazko gurutze bat
izango zuen, zulo bat baitu erdi-erdian (Alegiako pikotak kontserbatzen
du gurutzea). Gurutze hauek, pikotak jatorrizko zeregina betetzeari utzi
ziotenean ezarri ziren, eta agian hauxe izan zen pikotak Cadiz-eko Gorteek
botatzeko eman zuten agindutik salbatu zituena. Agindu hau 1811koa da, eta
botere feudalaren arrastoak ezabatzeko eman zen.

Harearriz
egina, hiru harmaila biribil eta oinarri karratu baten gainean eraikia.
Oinarriak dituen lau aurpegietan aingeru bana ditu landuta.
Fustea zilindrikoa da, oinarrian 25 cm-ko diametroa du, eta gainaldean
23.5 cm-koa. 1.92 metroko garaiera du eta azala ildaskatua.70 cm-ra
pergamino landu bat du, baina ez da inskripziorik agertzen.
Kapitela korintoar motakoa eta lau aldeetako bakoitzean aurpegi bat
du. Gurutzea sekzio karratukoa da; aurrealdean Jesus gurutzatuaren irudia
dago, eta atzealdean ama birjina errezoan..
Gurutzaduraren altuera osoa 4,50 metrokoa da.
XX. mendeko 60ko hamarkada ingurura arte, beren haurrak oinez laster
hasteko nahia zuten inguruetako ama ugari hurbiltzen zen bertara eta
haurra besoetan hartuz, harmaila biribiletan bueltaka ibiltzen ziren.